XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

* 2. Askatasuna.

Gizakiak askatuak dira munduari buruz.

Egia erran, egoera baten barnean gaude, gorputza dugulakoan, adina, adiskideak, gizarteko beharpenak.

Baina egoera ez da baitezpadakoa eta guk geuk hautatzen ditugu egoeren erranahiak.

Gizon zanpatua determinismotik jalgitzen da, menperatzailearen aurka oldartuz.

Bestela pozik onar lezake, asmatuz egoera hori Jainkoaren nahia dela edo arimaren garbitzeko gertaldia.

Mundua nire askatasunaren oihartzuna da, besterik ez.

Gizona, hartzen duen xedeaz, gertakariak baino gorago dago.

Gizona aske da berari buruz, ez bait da giza izaerarik giza bidea manatzen duenik.

Aberea bere inguruneari egokitzen zaio, gizakia, aldiz, izadiari nagusitzen zaio, berau zientzietan aztertuz, lanaren bidez antolatuz, jateko eta indar gisa baliatuz.

Gizona bera baino urrunago bizi da.

Izan dadila dohatsu ala dohakabe.

Kontzientziak sentimendu horiengatik gibelatzen du.

Bere burua irriz edo nigarrez entzuten du, beste bat balitz bezala.

Ez da, beraz, osoki sentimendu horien barnean.

Oharmenak arroila bat zulatzen du naizenaren eta itxuraren artean, zintzotasuna kentzen bait du.

Gauza bat den hura da; aldiz, gizona ez da inoiz osoki den hura, ez den hura izan nahi duelako.

Barneko arraildura horrek gizona bere errealitatez haraindira igortzen du.

Gauza hor dago; gizonaren existentzia, aldiz, bere baitarik jalgitzea da bestela izateko.

Gizonaren bere buruarekiko, izaerakiko eta egoerarekiko desberdintasun hori Sartre-k ezereza deitzen du.

Askatasuna egiazki gizonaren barneko ezereza da: ez da humanismorik, egitekoa da.

Askatasuna gizonaren existentzia da, erran nahi bait da ez izatea.

Existentzia ez naizen hartara heltzea da.

* 3. Xedea.

Gizakia berak duen xedea besterik ez da.

Hor dago, bere existentzia egiten duen arabera.

Besterik deus ez da bere ekintzen bilduma baizik, bere bizia baizik.

Gizona osoki aske da, ez bait da natur moralarik haren nortasuna eritziko duenik, ez eta goragoko baliorik zerutik eroriko zaionik.

Uko egin behar zaie ohizko humanismoari eta berdin sinestegabeko balioei: moralitatea, onestasuna edo elkartasuna.

Manamenduak, debekuak eta bekatuak gure existentziaren inguruan hedatzen dira euliak bezala eta haizatu behar dira askatasunean egoteko.

Baina deusek ez bait gaitu obligatzen, zerbaiten egitera obligatuak ote gara?.